Hernaniko Errugbi Elkartea Gipuzkoa Espetxean

2023, Nov 6

Hernani Club Rugby Elkarteak (HCRE), Onura Publikoko Erakunde izanik, bere sorreratik izan du gizarteari zerbitzua emateko sena. Kirol arloan eskaini dezakeenaz gain, maila sozialean ere ateak zabalik eduki izan ditu pertsonen errehabilitatzeko programetan laguntzeko edo komunitatearen aldeko lanak egin ahal izateko zentro gisa jarduteko.

Ildo beretik, 2016tik hona Inklusibo proiektua eratu zuen, nagusiki aniztasun funtzionala duten pertsonek ere errugbiaz gozatzeko aukera izan zezaten, bai kirol esperientzia gisa, baina bereziki talde eta giza bizipen gisa. Betiere, kontuan izanda aniztasun hau ez dugula soilik gaitasun fisiko edo intelektualetan kokatzen, baita sozialean ere.

Denboraldi honi begira, HCREk gure lurraldean beste ekarpen bat egin behar zuela baloratu zuen, errugbia Gipuzkoako Espetxera eramanez, guztiz bat baitator klub honen izaera sozialarekin eta talde-kirol honen bidez herritarren ongizatea sustatzearekin. Bestalde, jakina da erkidegoko beste espetxeetan, Zaballan eta Basaurin, eta Espainiako beste batzuetan antzeko esperientziak badituztela errugbiaren arloan, eta guztietan oso balorazio positiboa egin dela.

Klubeko boluntario taldea

Errugbi elkarteko kidez osatutako boluntario taldea eratu da egitasmoa bideratzeko. Eta dagoeneko bi saio burutu dira Martuteneko espetxean. 

Jarduera horietarako hainbat helburu finkatu dira, hala nola: 

  • Errugbiaren ezagutza hedatzea, praktikatzeko eta ikusteko aukera egoki gisa. 
  • Kirol-jarduera kolektibo bat egiteko aukera eskaintzea, araututako lehiaketatik kanpo, bere onura fisikoak eta emozionalak sustatuz.
  • Errugbiaren balioak ezagutaraztea: errespetua, elkartasuna, apaltasuna, diziplina, zintzotasuna, pasioa…

Hasieratik ekimenak harrera bikaina izan du eta horren adierazle da jada talde bat sortu dela euren kabuz errugbi-jarduerak praktikatzeko, errugbi elkarteak gidatutako saioetatik kanpo ere.

Hernani CREko kideak espetxe atarian lehenengo saioaren amaieran.

Hernani Club Rugby Elkarteak euskararekiko duen konpromezuaren baitan eta publikatutako Landareko Hizkuntza Protokoloaren arabera, webguneko albisteak euskaraz publikatuko dira. Beste hizkuntzaren batean nahi izanez gero, itzultzaile neuronala erabil dezakezue.

0 comentarios

Enviar un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Azken albisteak

Lokatzetan murgilduta, garaipena Landaren

Lokatzetan murgilduta, garaipena Landaren

Hernani Club Rugby Elkarteak bost puntu gehiago eskuratu ditu AVK Bera Bera taldea Landaren menderatu ostean, 38-3. Argazkia: KRONIKA Lehen faseko lehen bost partidak jokatuta, Hernani Club Rugby...