Hernani Club Rugby Elkarteko harrobiak osasuntsu jarraitzen du beste urte betez. Euskal Errugbi Federazioak antolatzen duen liga txapelketako liderrak izanda ere, azken asteetan estatuko txapelketara joateko txartela lortu dute kanporaketa desberdinak irabazi ondoren. Hori dela eta, hurrengo asteetan 18 eta 16 urtez azpiko taldeak Espainiako Txapelketa jokatuko dute Sant Cugat eta Sant Boi de Llobregaten hain zuzen.
M18
18 urtez azpiko taldeak Uni Bilbao Rugby gailendu behar izan du bi partidatan estatuko txapelketara joan ahal izateko. Joaneko partidan, trikoloreek 59-0 irabazi zuten Landaren, konfiantza hartuz itzulerako partidarako. El Fangon jokatu zen partidan berriz, hernaniarrek lesio asko zituzten eta jokalari gutxiagorekin ere partida aurrera ateratzea lortu zuten. Kasu honetan, 7 eta 26 amaitu zuten.
Kadeteek estatuko txapelketa hurrengo astean jokatuko dute. Maiatzaren 15 eta 16ean Bartzelonako Sant Cugat hirian. Guztira, zortzi talde ariko dira lehian bi multzotan banatuta eta igande arratsaldean talde bakoitzeko onenak jokatuko du finala.
M16
Federatu gazteenek aldiz, astebete beranduago izango dute estatuko txapelketa. Zehazki, maiatzaren 22 eta 23an Bartzelonako Sant Boi de Llobregat herrian. Hala ere, eta txapelketa iritsi bitartean, asteburu honetan hilak 8, 16 urtez azpiko taldea Iruñera joango da La Unicaren aurka liga txapelketa jokatzera.
Errifak
Bide honetan laguntza izateko, Hernani Club Rugby Elkarteak 2€tan salgai egongo diren errifak atera ditu. Jokalari guztien zein talde teknikoen artean salgai egongo dira eta horretarako, asteburuetan zehar herriko kaleetan postu bat jarriko dugu horiek erosi ahal izateko. Errifetan lau sari egongo dira, honakoak:
- MARISCOS HERNANIN 100€ko bonoa.
- PINEDA HARATEGIAN 100€ko bonoa.
- TRIPONTZI JATETXEAN bi lagunentzako bazkaria.
- BI SAGARDO kaxa.