2018/11/18 Igandea
Errugbi barneratzailea, atzo Urumeako Kronikan
kronika.eus
«Klubak oso bereganatua dauka hau beste talde bat gehiago dela»
Toledon izango da taldea bihar Errugbi Barneratzailearen II. Topaketan. Urtean zehar egiten duten ibilbidearen barruan dago; hemen ere, hirugarren denborak borobilduko du egindako lan osoa: «normalean, talde guztiek elkarrekin egiten dugu», diote.
HERNANI
2018/11/17 00:00 Larunbata
Beteranoekin jokatzen du Andoni Lizeagak; Irati Ormazabalek, aldiz, emakumezkoekin, baina era berean, talde barneratzailearen parte dira, eta bertan egiten dute topo Iker Iraolarekin. Iraolak berak dioenez, «taldean denek jokatzen dugu, neskek eta mutilek; ez du inporta nolakoa zaren».
Eta hain justu, horrek egiten du berezi errugbi barneratzailearen taldea: aniztasun funtzionala dutenak eta ez dutenak egiten dute bat, baita emakumezkoek eta gizonezkoek ere, eta edozein adinetakoek. Hori baita errugbi barneratzailea, «denek aukera bera edukitzea, errugbian jokatzeko».
Denak batera, ia berrogehik osatzen dute taldea, nahiz eta entrenamenduetan, hogeita bost bat izan ohi diren. Tartean hernaniarrak ez ezik, hondarribiarrak, irundarrak, lasarte-oriarrak, donostiarrak, zarauztar bat… dabiltza: «talde bakarra da autobusak bi geltoki egiten dituena: Hernanin bata, eta Irunen, bestea, bidasoatarrak jasotzeko».
Topaketa bihar, Toledon
Ligarik ez dago, hortaz, topaketa eta txapelketa ezberdinetan parte hartzen du Hernaniko taldeak. Denboraldi bukaeran, gainera, egin ohi dute beren topaketa, hemen. Aurten egin zuten bigarren edizioa, eta 2019an ere asmoa daukate hirugarrena antolatzeko.
Bitartean, beste topaketa batzuetan ari dira parte hartzen, horien artean dago biharkoa. Asteburu osoko plana egingo dute gainera: «larunbatean [gaur] Madrilera joango gara, eta errugbi partidu bat ikusiko dugu, gonbidatuta; igandean [bihar] jokatuko dugu topaketa, Toledon».
«Guretzat eredu izan da aurretik Gasteizko Gaztedi taldea, eta euren pausuak jarraitu ditugu»
Eguerdiko 12:00etan hasita jokatuko dute Toledoko Yuncos herrian Errugbi Barneratzailearen II. Topaketa, beste hiru talderekin batera: El Salvador Rugby, Unión Rugby Almería eta Toledoko Hidalgos del Quijote RC.
2016ko apiriletik, lanean
«Jon Insausti eta Jon Zumalabek hasi zuten proiektua, eta nik arlo honetan lan egiten nuenez, niregana jo zuten. Txosten bat egin genuen eta Uliazpi, Atzegi, Gautena… eta halako elkarteei aurkeztu genien», azaltzen du Irati Ormazabal hernaniarrak.
Andoni Lizeagak ere segituan egin zuen bat proiektuarekin: «beteranoen entrenamendu baten ondoren azaldu ziguten asmoa eta niri oso aukera polita iruditu zitzaidan». Nahiz eta «kezka» sortu zitzaion: «ez nekien asmatuko ote nuen!». Baina orain, onartzen du: «zelaira sartu eta kezkak desagertu egiten dira. Oso ondo pasatzen dugu!».
Gaztedi, eredu
Gasteizko Gaztediren ibilbideak ere eragina izan zuela diote: «guretzat [Hernaniko elkartearentzat] eredu izan da aurretik Gasteizko Gaztedi taldea, eta nolabait, euren pausuak jarraitu ditugu».
Hain zuzen, Gaztediko taldearekin eta Bilbokoarekin egin zuten aurreneko topaketa 2016ko apirilean. Getxorekin batera —geroago hasi zen—, horiek dira Euskal Herrian errugbi barneratzaileko taldea duten klubak.
Haiek etorkizuneko erronka ere badutela onartu dute: «Euskal Federazioak bere jardueren baitan kontuan hartzea nahi dugu». Espainian zehar egoera ezberdinak daudela diote; Valentzian, adibidez, dagoeneko lortu dute.
«Irabazleak denok gara!»
Egiten dituzten topaketa eta lagunartekoetan ondo pasatzea da helburua: «noski joko bakoitzean helburua dela entsegua egitea; dena den, irabaztea edo ez, momentuko kontua da. Hemen, irabazleak denok gara!».
«Lagunak egitea» da Iker Iraolarentzat errugbi barneratzaileak ematen diona, eta hori ere, bultzatu nahi izaten dute topaketek: «guretzat oso garrantzitsua da hirugarren denbora, beti egiten dugu beste taldeekin batera, denak elkarrekin».
Entrenamenduak, asteazkenetan
Hasiera batean hilean behin egiten zituzten entrenamenduak, baina pixkanaka, taldea egonkortzen ari da, eta astean behin egiten hasi dira aurten. Asteazkenetan egiten dituzte, arratsaldeko 17:30etan hasita, Landaren.
Horietan parte hartzeko aukera badagoela gogorarazi dute, eta herritarrak animatu dituzte bertaratzera nahiz eta «aurre ezagutzarik ez izan».