Hernani CRE, Durango RT, La Unica RT eta Bera Bera RTaren artean jokatutako III. San Joan Torneoan errugbi handia ikusteko aukera izan zen. Amaieran, talde iruindarrak eraman zuen garaipena.
2020-2021 denboraldi gogorra ezin hobetu amaitu du Hernani Club Rugby Elkarteak. III. San Joan Torneoa erabat arrakastatsua izan zen Landareko zelaian ikusi zen errugbi maila handiagatik. Bost orduko errugbi topaketak momentu ederrak utzi zituen baina txapelketa guztietan bezala, txapelduna atera beharra dago eta kasu honetan, txapeldunaren garaikurra La Unica Rugby Talde nafarrak eraman zuen. Hernaniko Klubak Euskal Federazioari, epaileei eta torneoa posible egin duten babesleei zein bolondresei eskerrak eman nahi dizkie eguna handia posible egin zutelako.
Txapelketako emaitzak:
Hernani CRE 19 – 12 Bera Bera RT
La Unica RT 19 – 12 Durango RT
Hernani CRE 33 – 21 Durango RT
Bera Bera RT 00 – 17 La Unica RT
Hernani CRE 12 – 12 La Unica RT
Bera Bera RT – Durango RT
Aurreko asteetan esan bezala, txapelketa jokatzeko arrazoi nagusietako bat Hernani Club Rugby Elkartearen emakumezkoen taldearen X. urteurrena izan da eta hori horrela, egunaren amaieran familia argazkia handi batean lehena, oraina eta taldearen etorkizuna elkartu ziren.

Txapelketako parte hartzaile guztiek Euskal Selekzioen ofizialtasunaren aldeko irudia azaleratu zuten Landaren. Gu Ere Bai ekimenak sustatuta, Euskal Herriko kirol eta kirolari guztiek Euskal Selekzioekin jokatzeko aldarrikapena izan zen.

Hernani Club Rugby Elkarteak euskararekiko duen konpromezuaren baitan eta publikatutako Landareko Hizkuntza Protokoloaren arabera, webguneko albisteak euskaraz publikatuko ditu. Beste hizkuntzaren batean nahi badituzue, itzultzaile neuronala uzten dizuegu.