Argazkia: Pepe Ibáñez (Veintidós, desde la línea de 22)
Lehen taldeak itxura aparta eman zuen Alcobendasen zelaian baina sailkapeneko hirugarren taldearen aurka ezin izan zuen denboraldiko lehen garaipena lortu.
Hernani CRE-Atletico SS taldeak itxura aldatu eta azken minutura arte aritu zen garaipena lortzeko borrokan Alcobendas talde indartsuaren aurkako partidan. Punturik gabe bueltatu baziren ere, jokoari dagokionez pausu ederra eman zuten aurrera hernaniarrek. Gainera, Tomas Lapeyre jokalari frantsesaren debuta azpimarratu behar dugu.
Defentsan bikain mantentzea ez zen nahikoa izan Las Terrazas zelaian puntuak pilatzeko. 19-20ko emaitzarekin joan baziren atsedenaldira, etenaldiaren ostean emandako erraztasunek apurtu zuten partida momentu batez. Hala ere, bigarren zatiaren erdialdean taldea berriro ere bikain aritu zen eta azken minutura arte egon zen defesntsako bonusaren borrokan.
Partida amaitzeko bost minuturen faltan, Hernaniko taldearen aldeko antsegu batekin arazoak egon ondoren, epaileak ez zuen jokaldia kanpokoen alde ikusi eta puntuei dagokionez hutsean itzuli ziren gipuzkoarrak Alcobendasetik.
80 minutuen amaieran, 36 eta 25eko emaitzak denboraldiko zazpigarren porrota ekarri zuen eta bigarren astez jarraian azken postua. Hala ere, UBU-Colina Clinic taldearen porrotak sailkapeneko aldeak mantentzen ditu azken postuetan.