2018/09/17 Astelehena
Beñat Iradiri elkarrisketa Kronikan
kirola//ERRUGBIA BEÑAT IRADI
«Konpletoago dago taldea, jende gehiago postuko; horrek indartsuago egiten gaitu»
Atzo egin zuen taldearen aurkezpena, Hernani errugbi elkarteko Ohorezko Mailako taldeak; eta bihar hasiko du liga: eguerdiko 12:30etan La Foixarda zelaian, Bartzelonaren kontra. Taldea oso ondo ikusten du Beñat Iradi kapitainak: «etorri diren bi lapurtarrekin eta errekuperatu ditugunekin, postuak hobeto kubrituta dauzkagu».
HERNANI
2018/09/15 00:00 Larunbata
Zer moduz joan dira udarako prestaketak?
Ni ez naiz egokiena horretaz hitz egiteko, abuztu erdialdean iritsi bainintzen Hernanira; Mexikon egon naiz, lanean. Ordurako entrenamenduekin hasita zeuden, eta aparte, bakoitzari plan bat bidaltzen digute, gure kabuz egiteko; batzuek gehiago betetzen dute, beste batzuek gutxiago… Nik aurten ezin izan dut askorik jarraitu, ahal nuena egin dut. Eta behin taldearekin, prestatzaileekin aritu gara, atletismoko Mikel Von Wichmannekin ere bai. Barre batzuk ere egin zituen gure kontura, gure posturak ikusita; baina ondo pasa genuen berarekin, eta lagundu zigun. Erakusten aritu zitzaizkigun korrika egiteko teknikak, paseak landu genituen… Horretarako denbora zegoen orduan, baina orain, denboraldia hastera doanean, bukatu dira horrelako gauza txikiak.
Garaipen batekin bukatu duzue aurredenboraldia, Donibane Lohizunen.
Bai bai, taldea oso ondo dago. Asko ari gara jaisten entrenatzera, oinarri bat daukagu lehendik landua, eta gauza berriak gehitzen ari gara. Ondo ari gara. Egia da talde sendoago bat espero genuela Donibane Lohizunen, baina 23 urtez azpikoak ziren, eta ez zeukaten hango taldeek izaten duten malizia hori. Baina oso partidu polita jokatu genuen, gurea egin genuen, bai erasoan eta bai defentsan, eta konfiantza hartu genuen.
Konfiantza horrekin hasiko duzue liga, bihar eguerdian. Nola ikusten duzu taldea?
Ikusten dut oso talde polita daukagula aurten. Iaz denboraldi sufritua izan genuen, lesio askorekin, postu klabeetan jokalariz juxtu… Baina aurten, etorri diren bi lapurtarrekin (Charlie eta Simon Ternisien anaiak) eta errekuperatu diren jokalariekin, postuak hobeto kubrituta dauzkagu, eta errotaziorako aukera dauka entrenatzaileak, lesioak ekiditeko. Jokin Esnal da printzipioz galdu dugun bakarra; esan digu ez duela jokatuko, baina urtero esaten du hori, eta gero batu egiten zaigu! Seguru aurten ere berdin egingo duela.
Indartsuago dago Hernani, beraz…
Konpletoago dago taldea, jende gehiago postu bakoitzeko, jokalariak mugitu ere egin ditzakegu… Eta horrek indartsuago egiten gaitu, bai. Aurreko postu batzuetan, nirean esaterako, juxtuago gaude. Eta gazteak garela da beste koxka. Baina bai, indartsuago ikusten dut taldea.
Edozein kasutan, mailari eustea izango da helburua, ezta?
Bai bai, salbatzea. Posible bada, orain bi urte bezala, promoziorik jokatu gabe eta lasaiago lortzea salbazioa, jardunaldi batzuen faltan eta lasaiago. Hori garbi dago. Baina gu partiduz partidu bizi gara, eta normalean azkenekoan erabakitzen da dena. Hernaniko jendeari intriga pixka bat jarri behar zaio eta!
«Salbatzea da helburua; posible bada, promoziorik gabe. Baina azkenera arte aritzen gara normalean, Hernaniko jendeari intriga pixka bat eman behar zaio eta!»
Izango dira helburu txikiagoak ere, denboraldian zehar…
Bai, noski. Euskal derbiak izaten dira horietako bat. Orain bi urte gehienak irabazi genituen. Joan den urtean Ordizia oso fuerte zebilen eta izorratu egin zigun; hori da buruan daukagunetako bat. Eta gero badira beste partidu batzuk. Alcobendasek, han, humillatu egin zigula ez dut esango, baina ez zen guztiz garbia izan; eta partidu horiek gogoan geratzen zaizkizu.
Koparako sailkatzekoak izango dira partidu horietako bi: La Vila eta Gernika tokatu zaizkizue, multzoan. Aukera polita izan dezake Hernanik?
Entrenatzaileak askotan bazilatzen gaitu horrekin. Bi partidu izanda, aurrenekoa ondo joanez gero, helburu polita izaten da Kopa. Aurten aukera eduki dezakegu sailkatzeko; baina iaz ere, bazirudien aukera polita geneukala, eta Bartzelonaren zelaian ez ginen ondo aritu eta akabo. Horrelakoak gertatzen dira gero, eta ezin da jakin. Baina bai, helburu txiki bat bezala jarriko dugu, eta ikusiko dugu zer moduz joaten zaigun.
Gazte zinela aukeratu zintuzten kapitain.
Orain bi urte egin nituen hiru-lau partidu kapitain bezala, eta aurreko urtea osoa. Aurten bi laguntzaile jarri dizkidate, nire konfiantzazkoak diren bi taldekide: Mikel Perez eta Mattin Collado. Biekin ia bizitza osoa daramakit jokatzen. Berria da kapitain izatearena, niretzako. Entrenatzaile eta jokalari direnak dauzkazu, eta horiekiko ere ez dakizu nola jokatu behar duzun… Baina ari naiz pixkanaka ikasten eta esperientzia hartzen.
Zer eskatzen du kapitain izateak?
Momentu askotan burua hotza, eta beste batzuetan beroa. Ni hotza izaten naiz normalean, baina berotzen naizenean gehiegi berotzen naiz. Ez daukat tarteko punturik, eta hori bilatzen saiatu behar dut. Jendearekin egunerokoan tratu gehiago edukitzea eskatzen du kapitain izateak, nondik norakoak ezagutzea… Baina Hernani bezalako talde batean, kapitain izatea ez da zaila, taldean denak daudelako laguntzeko prest.
Nola ikusten duzu zure burua, denboraldi berrirako?
Entrenamendu pixka baten faltan, baina gustora nago. Azken batean, taldean familia txiki bat daukagu, eta errutina hartzen hasten garenean, gimnasioan edota zelaian, ederki ibiltzen gara. Esperientzia gehiago daukat urtez urte, baina orain urtebete hobeto nengoen fisikoki. Baina hartuko diogu aurten ere.
HERNANI 2018-2019
Beñat Arizeta, hegalekoa
Einar Arratibel, talonatzailea
Oskar Astarloa, 2. edo 3. lerrokoa
Unai Becerra, pilierra
Mikel Bidegarai, hegalekoa.
Mattin Collado, 1/2 melé
Jokin Esnal, erdilaria
Igor Etxeberria, erdilaria
Iraitz Garmendia, joko-zabaltzailea
Oier Garmendia, atzelaria
Xabier Garmendia, pilierra
Igor Genua, 1/2 melé
Eñaut Gorostidi, pilierra
Ander Gutierrez, 3. lerrokoa
Gorka Imaz, pilierra
Mikel Imaz, 3. lerrokoa
Beñat Iradi, pilierra
Joseba Jordan, 2. lerrokoa
Aitor Lukas, hegalekoa edo atzelaria
Kepa Mijangos, 3. lerrokoa
Xanti Muñoz, 1/2 melé
Eneko Noriega, pilierra
Ugaitz Otaño, talonatzailea
Iñaki Otxotorena, talonatzailea
Jon Otxotorena, 2. edo 3. lerrokoa
Oier Pardo, hegalekoa
David Pelaz, 3. lerrokoa
Mikel Perez, 3. lerrokoa
Pello Perez, joko-zabaltzailea
Jon Ander Puertas, atzelaria
Latif Tayea, 2. lerrokoa
Charlie Ternisien, 3. lerrokoa
Simon Ternisien, erdilaria