2019/08/07
asteaskena
Euskal Herri osoko lehen Ligan arituko da Hernani abuztuaren 17tik aurrera
Jaurlaritzako, Euroeskualdeko eta federazio eta klubetako ordezkariak, Errugbiko Euskal Ligaren aurkezpenean.
Eusko Jaurlaritzak, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak eta herrialdeetako federazioek mugaz gaindiko Euro Basque Rugby Challege txapelketa sortu berri dute zazpi talderekin.
Uztailaren 29an Donostiako Miramar Jauregian Euro Basque Rugby Challenge (ERBC)-Euskal Liga txapelketa berria aurkeztu zuten, eta bertan Hernaniko Elkarteak zeresan haundia du. Talde nagusia Ligaren lehenengo edizioko partehartzailea izango da mugen bi aldeko beste sei talderekin batera.
Hernani, Ordizia, Bera Bera, Getxo, Biarritz Olympique, Aviron Bayonnais eta Anglet dira txapelketa honetan ariko diren zazpi taldeak. Liga abuztuaren 17an hasiko da eta irailaren 7an jokatuko da finala Ordizian, berritutako Altamira zelaian.
Zazpi talde horiek bi multzotan daude banatuta. A multzoan daude Getxo, Aviron eta Hernani eta bigarren multzoan berriz Anglet, Ampo Ordizia, Biarritz eta Bera Bera jardungo dira. Talde bakoitzeko aurreneko sailkatuak izango dira bi finalistak, eta finaleko garailea, Euskal Ligako lehenengo txapelduna.
Abuztuaren 17an debuta Hernanik, Avironen kontra
Hernaniren bi partiduak abuztuaren 17an eta 31n izango dira. 17an Avironnen kontra jokatuko dute kanpoan, eta abuztuko azken egunean Getxoren kontra jokatuko dute etxean. Talde honetako bigarren partiduan Getxo eta Aviron neurtuko dira abuztuaren 24an.
Beste taldeko lau partiduak bi jardunalditan, 24an eta 31n, daude iragarrita. Anglet-Ordizia eta Biarritz-Bera Bera izango dira jokatuko diren aurreneko partiduak.
Emakumeena eta bigarren maila ere aurkeztuko dira
Gizonezkoen lehenengo maila horrez gain, EBRC-Euskal Errugbi Ligak emakumezko txapelketa bat izango du, baita bigarren maila bat ere, eta datozen hilabeteetan aurkeztuko dira. Aurreneko urtea denez gero, lehiaketa guztiak ligaxka formatuan jokatuko dira; dena dela, helburua da proiektu hau datozen urteotan garatzen jarraitzea.
Erakundeetako ordezkariak, aurkezpenean
Aurkezpenean egon ziren Eusko Jaurlaritzako eta Euroeskualdeko ordezkariak, federazio eta klubetakoekin batera: Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu hernaniarra; Arola Urdangarin, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko jarduneko zuzendaria; Iñaki Laskurain, Euskal Errugbi Federazioko presidentea, federazio horretako kide den Iñaki Ricarekin; eta Alain Fariscot, Errugbi 64 Departamentu Batzordeko federazioko presidentea.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren eta Euroeskualdearen bultzada ez ezik, EBRC-Euskal Errugbi Ligak hiru federazioen eta Nafarroako eta Akitania Berriko gobernuen babesa ere jaso du. Aviron Bayonnais, Biarritz Olympique-Pays Basque, Anglet, Hernani, Ordizia, Getxo eta Bera Bera taldeetako ordezkariak ere izan ziren Donostiako aurkezpenean.
«Ez du zentzurik bizkarra emateak»
Bingen Zupiriak proiektu honek kirolaren eta kulturaren ikuspegitik duen interesa azpimarratu zuen, baita Euroeskualdearen proiektua indartze aldera ere: «Kirolaren ikuspegitik ez du zentzurik Hegoaldeko taldeek Iparraldeari bizkar emateak, Bidasoaren beste aldean kirol maila eta zaletasun izugarria dago-eta. Hobetzeko tarte haundia dago eta proiektu honek horretan lagunduko du».
«Nabarmena, kirol aldetik duen interesa»
Iñaki Laskurain Euskal Federazioko presidenteak azpimarratu zuen «nabarmena» dela ekimen honek kirolaren ikuspegitik duen interesa: «Europar proiektu bat da, Euroeskualdearen esparruan garatuko dena, eta euskal errugbia du ardatz; hortik dator bere izena: Euro Basque Rugby Challengue. Nabarmena da halako ezaugarriak biltzen dituen txapelketa batek kirolaren ikuspegitik duen interesa».