Hernanirik dotoreena, Errusiara bidean

2018/05/05 Larunbata


kronika.eus/albisteak/hernani/kirola

Hernanirik dotoreena, Errusiara bidean
Datorren ostiralean, maiatzaren 11n, abiatuko da Hernani errugbi elkartea, San Petersburgora, European Rugby Sevens Champions Trophy jokatzera; zazpiko errugbiko Europako Txapelketa, alegia.

HERNANI
2018/05/05 00:00 Larunbata
Pasa den urtean, Hernani Espainiako txapeldun izan zen zazpiko errugbian, eta horren sarietako bat da aurten Euro­pe­an Rugby 7s Champions Tro­phy jokatzea; zazpiko errugbiko Europako Txapelketa, alegia. Heldu da horretarako garaia, eta datorren maiatzaren 12an eta 13an, San Petersburgon (Erru­sian) jokatu dute txapelketa.

Hernaniarrek egun bat lehe­nago, ostiralean, maiatzearen 11n, bidaiatuko dute, eta arra­tsaldeko 16:30etan iritsiko dira. Hala ere, ordu batzuk lehenago iritsiko dira Juan Rodríguez presidentea eta taldeko beste hiru la­gun: «ostiral goizean antola­tzen den bileran parte hartu behar dut. Bertan zozketatu eta erabakiko da nola osatuko di­ren taldeak eta txapelketaren nondik norakoak».

Bederatzi herrialde desberdinetako hamabi taldek jokatuko dute kluben arteko Euro­pako Txapelketa hau. Errusia, Fran­tzia, Finlandia, Suitza, Eus­­kal Herria, Georgia, Lituania, Letonia eta Txekiar Errepublika izango dira aberri ordezkatuak, San Petersburgon.

Hernaniarrek bidaiatuko du­ten hiria, Pedro Haundiak sortu zuen 18garren mende ha­sieran, eta 200 urtetan Erru­siako hiriburua izan zen. Gaur egun Errusiako presidentea den Vladi­mir Putin bertakoa da, eta Errusiar Iraultza ere bertan hasi zen, orain 101 urte. Neva ibaiaren ondoan kokatua dagoen Petrovski estadioan jokatuko dira partiduak. 21.000 eserleku ditu, eta bertan, Zenitek jokatu ditu futbol partiduak, aurten arte.

Larunbatean, sailkatze partiduak jokatuko dira, hamabi taldeak multzotan banatuta. Igandean, berriz, final laurdenen, finalerdien eta finalaren txanda izango da. Orain bi urte sortu zen txapelketa hau, eta orduan, Donostiako Bera Bera azpitxapeldun geratu zen.

27 hernaniar, traje eta guzti
Hernanitik, 27 laguneko espedizioa joango da, jokalari, en­trenatzaile eta zaleen artean. Juan Rodriguezek dio, «hamabost jokalariren izena» eman behar dela, «eta gainontzekoak zale bezala goaz, horien artean klubeko jokalari bat baino gehiago ere bai». Aurkariak ez dituzte ezagutzen, eta beraien maila ere, ezezaguna dute.

Txapelketaren inaugurazioa larunbatean bertan egingo da, eta Ivan Okhlobystin aktore ezaguna izango da aitajauna. Gainera, Errusiako antolatzaileek betebehar batzuk jarri dizkiete taldeei. Hasteko, ekipazioaren argazkiak bidali behar izan dituzte. Eta igandean afari dotore bat dago txapelketaren itxiera bezala. Bertan egoteko, trajeak beharrezkoak dituzte, eta Irungo Kiabi arropa denda hartu dute babesle, hernaniarrek: «beraiek egin dizkigute trajeak: amerikana, prakak, alkandora zuria, jertse ber­dea eta gorbata. Gainera, klubeko armarria itsatsia dago bertan».

Txapelketa Europako Errug­bi Federazioak antolatzen du, Errusiako erakunde desberdinekin batera; eta nahiz eta handik astebetera jaitsierako promozioa jokatu behar izan, Polidori entrenatzailea ez dago kezkatuta. Alderantziz, taldearentzat ona dela pentsatzen du: «konpetizioak eskatzen duen tentsioa mantentzen lagunduko digu. Ongi datorkigu txa­pel­keta hau».

Jen­dearentzat eta zaleentzat, berriz, RugbyFest antolatu da. Jokoak, lehiaketak eta sariak izango dira hurbiltzen direnen­tzat, familia giroan.

EUROPAKO SEVENS TXAPELKETAREN EGUTEGIA

Maiatzak 12, larunbata:
10:00-17:40, Sailkapen partiduak, multzo desberdinetan.
14:30, Europako Sevens Txapel­ketaren irekiera ekitaldia.
10:00-18:00, RugbyFest parkearen ordutegia.

Maiatzak 13, igandea:
10:00-14:40, Final laurdenak eta finalerdiak.
14:40-16:45, Torneoko azkeneko partiduak.
16:45-17:30, Hirugarren posturako partidua eta finala.
17:30-18:00, Sari banaketa eta itxiera ekitaldia.
10:00-18:00, RugbyFest parkea.